XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal herriko herri ttipi baina liluragarri batean igaro ziren nere lehenengo urteak.

Ez dakit han jaio nintzelako edo, baina, ene bidaiari bizitza luze eta bukaezin honetan ez dut sorterri hura bezain leku miresgarririk ikusi.

Harriz eginiko etxe, udaran hotz eta neguan bero haiek, bidexka itxi eta misteriotsuak, amonak edota amak kontatzen zituzten kondaira bitxiak ohe xamur eta xeradunetan, aitona edo aitarekin ikaztegietara lan egitera joaten ginen egun zoragarriak, galtza luzeak lehenengo aldiz soinean jarri nituenean.

Oroipen ahantziezinak dira eta oraindik milaka esan ditzaket.

Astean behin joaten ziren gurasoak hirira gauzak erostera eta ni etxean geratzen nintzen amonarekin kartetan jolasten; hauek bueltatzean izugarrizko poza hartzen nuen, txokolatea edo goxokiren bat ekartzen bait zidaten.

Ene guraso kuttunak asko maite nituen.

Arrats bukaera eta gau hasiera dago dagoeneko lehenxeago nekusan oskarbia iluntasuna lasaitasunez menderatzen ari da.

Oraintxe dugun zeruaren egoera honetan zegoen behin neure aberrian, oraingo kontuak bailitzan oroitzen dut, aita nahiz ama hiritik iritsi ziren eta kutxa marroixka bat zekarren aitak eskutik helduta ahoan irria zuela, ene eskutan utzi zuen.

Opari ezezagun hura irekitzeko gogo izugarriak nituen, zer egongo ote zen hantxe sartuta?

Barruan zegoen objetu hark askatasuna beharko balu bezala zirudien, kaiolan dagoen txoritxo baten antzera.

Apaingarri bezala bizitza urdin eta zabal bat zeraman lotuta.

Itxura erakargarria zeukan eta irekitzen hasia nintzela, sentsazio erabat atsegina somatu zuen neure gorputzak, geroago sentitu behar nuen poza aurreratuz bezala.

Aurrera ekin nuen irekitzearekin, papera kenduta zegoen eta azken estalkia kendu behar nuenean sabelean korapilo batek listuali bidea galerazi zion, geldiune horren ondoren, irekia nuen kutxa eta hara!

Larru leunez eginiko zapata zoragarri batzuk, beti holako batzuk edukitzea zen nire ametsetan gehien nahi izaten nuena eta nire amets haiek bete ziren ez dakit nola.

Harri eta zur utzi ninduen opari hark, ene ahotik ezin ziren hitzak atera, orain nekaturik baina lehen biziz beteriko neure begiek, ezinezkoa zuten hitzegitea burdinez eginik egongo bailiran.

Igande horretan soinean jarriko nituen lehenengo aldiz eta igande arte igaro zen beta, luzea baino luzeagoa egin zitzaidan.

Asteko azken eguna ailegatu zen ene pozarekin batera, goiztiriatik esnatua nengoen, zapata berriak noiz ipiniko nituen zain, xorinoen abesti biziak entzuten leihotikan.

Hamabiak heldu ziren eta zapatak ondo loturik nituela, itxoin nuen okinaren kamioiaren klaxona entzun nuen alaiki.

Gauean amak utzitako dirua hartu eta tximista bera baino azkarrago, ogi xamurra erostera atera nintzen kalera.

Harro-harro nindoan ogiarekin, etxera bueltatzean, denak begira egotea (..).